Sasoiko gastronomia
EEuskal gastronomia, hain zuzen, eskualde honetako tradizio gastronomikoen eta sukaldaritza-errezeten multzoa da. Sasoiko gastronomia izatea, etxeko sukaldaritza tradizionalean oinarritutakoa, da bere ezaugarri nagusia. Aukera zabalekoa da, era askotako osagaiez egindakoa. Osagai batzuk Kantauri itsasokoak dira (arrainak eta itsaskiak) eta beste batzuk barnealdekoak (barazkiak, ortuariak, laboreak, arrainak, etab.).
Euskal sukaldaritzako osagaiak ugariak eta era askotakoak dira, Kantauri itsasoak berez duen arrain-aukera zabalari eta mendietako larreen ugaritasunari esker, egiten duen euri ugariak mesede egiten baitie, eta ondorioz, kalitatezko abeltzaintza dago. Barnealdeko klima epelak mesede egiten dio ortuarien laborantzari. Eta horrek guztiak dakar euskal jaki tipiko bakoitza era askotakoa eta ugaria izatea.
Baina bada gure gastronomiaren ezaugarri berezi bat: zehazki, sasoian sasoiko eta kalitate handiko produktuen erabilera.
Kalitatezko produktuak
Kalitatezko produktua da kontsumitzaileok Euskadin bilatzen duguna. Kalitatezko elikagaien ekoizpenak zein kontsumoak euskarria dute azoka tradizionaletan, baina baita denda espezializatu eta merkataritza-gune handietan ere.
Eusko Label ziurtagiriak, Kalitatezko K hizkiarekin ezaguna denak, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi, eraldatu edo landutako nekazaritzako elikagai-produktuak nabarmentzen ditu, eta horien kalitateak, espezifikotasunak edo berezitasunak batez besteko orokorra gainditzen du.
Ziurtagiri horren azpian hainbat eratako produktuak aurkituko ditugu:
- Idiazabal gazta sor-markaduna
- Euskal eztia
- Tolosako babarrunak
- Arabako babarrun pintoa
- Gernikako indaba
- Perretxikoak
- Gernikako piper sor-markadunak
- Arabako barraskiloak
- Euskal tomateak
- Euskal behi-haragi sor-markaduna
- Euskal esneko arkumea (Latxa eta Karrantzakoa)
- Euskal baserriko oilaskoak
- Babak eta zerbaren orri-mamiak
- Ibarrako piperminak
- Arabako patatak
- Konfiturak
- Arabako Errioxako ardo sor-markadunak
- Gipuzkoako sagardoa
- Getariako txakolina
- Arabako eta Bizkaiko txakolin sor-markaduna
Gastronomia eta bioaniztasuna
Elikagai baten kalitateak ez die eragiten soilik bere dastamen-dohainei; areago doa, eta ingurumenaren errespetua eta ekoizleei egin beharreko bidezko ordainketa ere aintzat hartzen ditu.
Garrantzitsua da nekazaritza tradizionalak eta iraunkorrak errespetatzea, horiek baitira nekazaritza-bioaniztasuna, baliabideak eta aniztasun kulturala betidanik babestu dituztenak.
Sasoian sasoiko eta bertako abeltzaintza-arraza eta barazki-aukera handietatik lortutako gastronomia-produktuak kontsumitzeak gure kultura sustatzen laguntzen du, eta basa-bioaniztasunari, ekosistemei eta nekazaritza zein abeltzaintza tradizionalari eusten eta horiek kontserbatzen laguntzen du.
Ardi Latxa, Gernikako piperrak edo bestelako euskal produktuak desagertzen hasita daude, atzerriko produktuak iritsi direlako, eta sasoiz kanpo ere horiek geroz eta gehiago kontsumitzen direlako.
Gure elikagai-kontsumoa oso ezaugarri garrantzitsua da ingurumenean eragindako inpaktuari dagokionez, eta gure osasunari ere eragiten dio. Funtsezkoa da gure dieta kontrolatzea, elikatze-katea aintzat hartuta eta gure produktuei ahalik eta etekin handiena aterata.
Dieta iraunkorrak, hain justu, ingurumen-inpaktu txikia duten dietak dira; elikadura- eta nutrizio-segurtasunari mesede egiten diote, eta baita oraingo zein etorkizuneko belaunaldien bizimodu osasuntsuari ere.
Hona hemen dieta iraunkorra egiteko zenbait jarraibide
Balio horiek pertsonei, eta bereziki haurrei txertatzeak asko lagunduko die produktuen kalitatea aintzat hartzen ikasten, ekoizpenak dakarren balioa eta ahalegina ezagutzen eta era askotako elikadura edukitzen; izan ere, jakingo dute zer-nolako elikagai-sorta zabala duten eskura eta elikagai horiek zer unetan dauden onenean.
Jaten duguna gara, eta sasoiko produktuekin, produktu freskoak ditugu eskura, kontsumitzeko unerik onenean; eta hala, elikaduraz gozatu ahal izango dugu.